sábado, 29 de enero de 2011

Leuzemia

Leuzemia hezur muineko zelulen minbizi multzoa da zeinetan odolean globulu zuri heldugabeen kopurua oso handia den. Gaixotasunaren izena odoleko osagaien ondoriozkoa da: Leuzemia=odol zuria. Denborarekin leukozito heldugabe hauek, blastozitoek, hezur muina inbaditzen dute eta ezin izaten da eritrozito, plaketa eta leukozito helduen sintesirik eman. Blastozitoak odolean eta linfan zehar gorputz osoan garraiatzen dira.

Leuzemiak 2 talde handitan sailkatzen dira:
I) Akutuak: oso azkar garatzen dira eta leukozito heldugabe ugari agertzen dira.
II) Kronikoak: motelago garatzen dira eta leukozitoak helduagoak dira.

Aldi berean, leuzemia ezberdin daude:
A) Leuzemia linfozitiko akutua
B)Leuzemia mieloide akutua
C) Leuzemia linfozitiko kronikoa
D) Leuzemia mieloide kronikoa
E)Zelula pilosoen leuzemia

Mota guzti hauengatik leuzemia linfozitiko akutua azalduko dut, beharbada umeetan oso ugaria delako eta gehiago piztu duelako nire jakinmina, hala ere, esan behar dut  horregatik ez dela besteak baino garrantzitsuago.

Leuzemia Linfozitiko akutua:
Oso azkar garatzen den leuzemia mota honetan linfozito heldugabe asko agertzen dira bai odolean bai beste organoetan, hala nola, hezur muinean, barean eta gongoil linfatikoetan. Umeetan ematen diren leuzemien %80 da eta 3 eta 7 urte bitartean agertzen da, hala ere, esan beharra dago helduetan ere ager daitekeela. Leuzemia mota honen agerpenean ez dago arrazoi zehatzik, hori bai hainbat faktoreek eragin dezakete bere agerpena:
-Akats kromosomikoak
-Erradiazioa, jaio aurretik x izpien irradiazioa jasotzea
-Bentzenoa bezalako toxinak


Sintomak:
-Hezur eta giltzaduretan mina
-Hematoma eta odol jarioentzako joera handia (ortzoi, larruazal eta sudurreko odol jarioak)
-Nekatuta edota ahul sentitzea
-Sukarra
-Jateko gogorik ez eta pisu galera
-Zurbildura
-Saihetsen azpian mina
-Larruazalean mantxa gorriak
-Gongoil linfatikoak handituta (linfoadenopatia)

Proba fisiko eta odol analisiak egiten dira, baita hezur muinaren biopsia bat ere.
Larruazalean hematomak, gongoil linfatikoak handituta izatea eta hepatomegalia eta esplenomegalia dira adierazle fisikoak. Bestalde odol analisi batean leukozito balore altuak agertuko dira eta bai eritrozito zein plaketenak oso baxuak (anemia eta tronbozitopenia)
Normalean gerriko hezur batetik hartzen da hezur muinaren lagina leuzemia mota aztertzeko eta putzio lunbar bat ere egiten da likido zefalorrakideoan zelula leuzemikoen presentzia hautemateko.

Tratamenduari dagokionez bere helburua odol zelulen balioak bere normaletara bueltatzea da bai odolean bai hezur muinean. Leuzemia linfozitiko akutuaren kasuan kimioterapia erabiltzen da. kontu handia izan behar da linfozito kopurua oso baxua denez infekzioetarako arriskua handitzen baita. Farmako asko ez dira ez burmuinera ez bizkarrezur muinera heltzen hori dela eta askotan erradioterapiaren erabilera ezinbestekoa bihurtzen da.
Hezur muineko transplantea beharrezkoa suertatzen da batzuetan, leuzemia berriro agertzen bada edota tratamenduei ondo erantzuten ez bada.
Bestalde beste tratamendu gehigarriak behar izaten dira, hala nola, odol transfusioak plaketa eta eritrozitoen maila baxuengatik eta antibiotikoak infekzioentzako.


Normalean, umeek helduek baino hobeto erantzuten diote tratamenduari baina esan beharra dago helduen gehiengoak lortzen duela sendatzea. Ez bada tratatzen 3 hilabeteren buruan gaixoa hil egingo da.

Leuzemia, beste minbiziak bezala, oso gaixotasun gogorra da, bai pazientearentzako bere burua gaizki ikusten duelako eta bai ingurukoentzako. Bereziki eta nire ustez, leuzemia hau umeetan ematen denez apur bat gogorragoa izaten da, hainbeste gauza bizitzeko dituen ume bat hain gaixo egotea oso gogora suerta daiteke bere gurasoentzako. Horregatik uste dut beharrezkoa izaten dela kasu hauetan laguntza eskeintzea familiari, gaixotasunari aurre egiten laguntzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario