lunes, 22 de noviembre de 2010

Barre egitearen onura

Barre egitea atsegina da, ondo sentiarazten du: gorputza lasaitzen du eta gogoa argitu. Hori bakarrik nahikoa da esateko osasunerako ona dela barrea. Baina barrearen eragina plazera eta ondo sentitzea baino urrunago doa. Izan ere, bihotzekoa edo infartua izateko arriskua gutxitzen duela ikusi da.
Lehenengo frogak enpirikoak izan ziren; hau da, behaketan oinarritu ziren. Datuak bilduta, ikusi zuten barre gehien egiten zutenek bihotzeko gaitz gutxiago izaten zutela. Duela bost bat urte izan zen hori, eta, ordudanik, barrea eta bihotzeko gaitzak lotzen dituen ikerketak indarra hartu du.
Barrearem misterioa argitu nahian






Beraz, barrearen eta bihotzeko gaitzen artean lotura egon zitekeela ikusi zen, eta horrek ikertzaileen jakin-mina zirikatu zuen. Hala, gorputz barruan barrea eta bihotza lotzen dituen mekanismoa zein den jakin nahian dabiltza. Hau da, barreak zer eragin fisiologiko dituen jakin nahi da zehatz, zer mekanismo gertatzen diren osasunari halako onurak ekartzeko

Bide horretatik, argitaratu berri den ikerketa batek lehenengo pausoa eman du lotura horren zergatia argitzeko bidean. Ikerketa horren arabera, barre egindakoan odol-hodiak errazago itzultzen dira bere onera estualdi bat pasatakoan baino. Kontuan izan behar da bihotzeko gaitz askoren oinarrian odol-hodien endekapena dagoela: malgutasuna galdu eta zurrunago egiten diren neurrian, bihotzak lan gehiago egin behar du odola gorputz osora banatzeko, eta hortik datoz arazoak.
Tabakoa erretzeak eta janari koipetsuak jateak odol-hodiak gogortu egiten ditu, besteak beste; horregatik dira bihotzeko gaitzen eragile nagusiak tabakoa eta dieta koipetsua. Horiekin batera, noski, badira beste eragile batzuk kontrolatzen zailagoak direnak, hala nola, zahartzaroa bera. Dena dela, odol-hodiak gazte eta osasuntsu mantentzea beharrezkoa da bihotzeko gaitzak izateko arriskua murrizteko.
Bada, esan bezala, barre-algarek odol-hodiak osasuntsu mantentzen dituzte. Saio hau eginda ikusi dute lotura hori: besoko arterien diametroa neurtu dute ultrasoinuen tresna baten bidez. Arterien diametroa txikitu egiten da bihotz-taupadak azkartzen direnean, hala nola, kirola egitean, barre egitean zein beldurrak edo estresak jota egondakoan. Horrela, odola azkar heltzen da gorputzeko muskulu guztietara.
Ezohiko egoera hori amaitutakoan, gorputza lasaitu egiten da, eta arteriak bere onera etortzen dira. Odol-hodiek ohiko diametrora itzultzeko duten gaitasuna zirkulazio-aparatuaren osasunaren adierazlea da. Hori dela eta, hainbat egoeraren ondoren besoko arteriak bere onera etortzeko behar duen denbora neurtu dute.

Osasunak film komikoak nahiago 
Ikerketarako jende osasuntsua erabili zuten: bihotzeko gaitzik ez zuten hamar gizonezko eta hamar emakume. Eta barrez lehertzeko zein une gogorrak pasarazteko filmak erabili zituzten: filma komikoak batetik —There’s something about Mary, esate baterako— , eta gerra-irudiak eta bestelako eszena gogorrak zituztenak bestetik —Saving private Ryan, adibidez—.
Ez da txantxetako kontua, emaitzek hala erakutsi dute: batez beste, barre egin ondoren ohi baino % 22 azkarrago etorri zen besoko arteria bere onera, hau da, bere ohiko diametrora; aldiz, egoera kezkagarri baten ondoren, ohikoa baino % 35 denbora gehiago kostatu zitzaion.
Beraz, argi dago osasunerako askoz ere hobea dela barre-algara gordinak eragiten dituen filma ikustea beldurrak akabatzen jartzen zaituen horietako bat ikustea baino. Eta pelikulak alde batera utzita eta eguneroko bizitzara etorrita ere, berdin: argi dago estresa ez dela parte onekoa, eta kezkek arteriak ez ezik bizitza bera ere uzkurtzen dutela. Hau da, hobe barrenak irakiten jartzea baino barrenak lehertzeraino barre egitea.
Izan ere, bada ezer hoberik lagunartean algara-saio eder bat baino, aurpegiko muskuluak nekatu arte, sabelak uzkurtuta abdominalak badituzula gogorarazten dizun arte? Ezer gutxi. Horrek sortzen duen plazera nahikoa izan beharko litzateke sendagileek, ohiko sendagaiez gain, barre-dosi majo bat ere errezetatzeko gaixo daudenei; eta ez daudenei ere bai, noski.

Batetik, ikusi da barre egiteak gaixotasun kardiobaskularak gutxitzen dituela; baina, baita ere, kontuan izan behar da gaixotasun kardiobaskularrak dituztenenek barre gutxiago egiten dutela; eta hain zuzen ere gaixo horientzako bereziki komenigarria da barrea ariketa gisa.
Gainera, barreak odolaren zirkulazioari ez ezik, buruari ere on egiten dio; arindu egiten du nolabait. Esate baterako, pertsona depresiboek aktibitate txikiagoa omen dute umorea kokatzen den burmuineko guneetan. Beraz, umorea eta barrea gorputzaren zein gogoaren osasunerako sendagai ezin hobea da: goxoa, atsegina... edonon dago, denon gustukoa da eta merkea. Egin dezagun, bada, barre! 


Iturria: http://www.zientzia.net/artikulua.asp?Artik_kod=11209 








miércoles, 17 de noviembre de 2010

Gaur egun teknologia berriak garatzen ari dira etengabe eta medikuntza mundu moderno horretan sartzea garrantzitsua da. Blog medikuak sortzea gaur egungo beste ikasketa tresna da. Mundu honetan murgildurik gaude 2.medikuntzako ikasleak, ezin jakin ze izenburu jarri, ezin jakin zer idatzi... Beharbada hau da espero ez genuen gauza bat bazkal ostean blog bat eratzea.
Blog honetan medikuntza inguruko gai ezberdinak aztertuko ditut baita medikuntza fakultatean ikasitakoak aipatu ere.